XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TRESNA EGINKOR BAT

Bere kontseilu jenerala eta bere diru-kutxa balituzke Euskal Herriak.

Euskaldunen zerbitzuko litezke horik.

Gaurko departamenduan, beti minorian gaude.

Lacq-eko industria eta Pirene mendietako negu tokiak zinez lagundu ditu kontseilu jeneralak.

Geure industriaren eta mendiko hazkuntzaren alde ber heineko indarra egiten ahal luke euskal erakunde batek.

Bestalde bagenuke komerzialdegi bakar bat (Ziberoa barne), laborantzako gela bat, eta abar...

KULTURAKO ERAKUNDE BAT

Erakaskuntzan behar dugun gure gaintasunetik zerbait bagenuke: Akademiako inspekzione berezi bat, erakasle gaientzat bi hizkuntzetako ikasgia bat, bilinguisma ofizial bati buruzko bide bat, Alsazian edo Quebec-en bezala...

Ohar berezi bat hartze du pundu honek.

Ez da dudarik Euskalduna ez den departamendu batean, erakasle gaien eta erakasleen artean bereizkuntza bat nekez egin daitekeela: adibidez, Lescar-en dagon eskola normalean, nolaz batzu euskararen ikastera bortxa daitezke, besteak aldiz ez.

Halaber erakasle bat izendatzen delarik, Biarnora igortzen da berdin Euskalduna eta Biarnesa halaber Euskal-Herrira departamendua bat denez geroz, zer gatik ez?.

Are gehiago, bi hizkuntzetako administrazione bat ezin asmatua da euskal departamendu bat gabe.

Eta Euskal-Herrikoak ez diren kontseilariak badauzkan kontseilu jeneral batean, kasik ezinezkoa da, euskalzale gogorrenarentzat ere, euskaraz mintzatzea.

Aldiz Euskal-Herrikoa liteken biltzar batean, ahal liteke, guztiek ez jakinik ere.

Hortaz eredu bat emanen dut: Ziberoko mendien sindikatarena.

Azken urte hauk arte, euskara hutsean egiten ziren bilkura guztiak.

Alta bada, euskara ez zekiten zenbait hor bazauden: aspaldixkean biarnestuak diren Ozeraine ta Gestaizu-ko herrien ordezkariak.

Ez ziren pozik gelditzen hauk.

Baina, biziki aise ixilarazten ziren erranez: Ziberoko biltzarrean gaude, beraz egoki da Ziberotarrez egitea.

Ez dakienak ikasi behar du.

Baina, geroztik euskara ez dakien lehendakari bat hautatu dute, jauna behar zelakoan eta geroztik, bixtan da, frantsesez ari dira...

Kulturaren garrantziaz ez dut predikurik eginen: ohartu nahi duenak berak ikusiko du, ekonomiaren hezkundea bera gero eta gehiago jakitatearen eta jakintzaren gain oinarritzen eta finkatzen ari delarik.